XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zoaz bada etxera, neska.

Segi!

Eta neska mugitu ez eta berari so jarraitzen zuela ikusiz, Gauean hitz egingo dugu horretaz.

Gauean arazo honen hondoraino iritsiko gara.

Neskak bira erdia egin eta atari-mailak igo zituen.

Eta lehor itzazu malkoak, xuxurlatu zion Gabrielek.

Esther makurtu zen, soinekoaren azpia altxatuz begiak lehortzeko, eta hala geratu zen une batez beheko mailan Gabriel begira zuen bitartean.

Gero zutitu eta etxera sartu zen, atzera begiratu gabe.

Hark izango zuen bere haurra; bere haurra?

Debora, berriz, beren intziriak gorabehera, Gabrielen gorputza hartzen zuen apaltasuna gorabehera, ez zen bere barruan bizitza berri bat sortzeko gai.

Urdanga baino hobea ez zen Estherren umontzia izango zen profetaren hazia elikatuko zuena.

Eta pozaderatik urrundu zen, urez betetako bi ontzi astunak trantzean bezala jasoz.

Etxerantz abiatu zen, orain garai, teilatu distiratsutik eta leiho urreztatu haietatik berari begira eta entzuten zegoela zirudien etxera.

Buru gainean zuen eguzkiak eta oinen azpiko lurrak jiratzeari utzi zioten; urak, milioi bat gaztigu-ahots bezala, plisti-plasta egiten zuen alboetan zeramatzan ontzietan; eta bere amak, bera zapaltzen ari zen lur asaldatuaren azpian, begiak altxatzen zituen, etengabe.

Sukaldean hitz egin zuten, Estherrek garbiketa egiten zuen bitartean.

Nola egon zaitezke horren seguru haurra nirea dela?, izan zen Gabrielen lehen galdera.

Neska orain ez zen negarrez ari.

Ez horrela hitz egiten hasi, esan zion.

Estherrek ez du gezurra esateko ohiturarik, eta ez naiz hainbeste gizonekin ibili burua erabat nahasteko.

Oso hotz eta lasai ari zen hizketan, sukaldean zehar mugitzen bere eginbeharretan arreta sumindu bat jarriz, ia-ia gizonari begiratu gabe.